AURREKARIAK
Euskal Kostaldean hamaika txoko, paisaia, gertaera historiko eta herri daude itsas ondare aberatsa eta nabarmena osatzen dutenak. Balio hori museoek, ikertzaileek eta artxiboek zaintzen dute, bai eta elkarteek, kolektiboek eta beste erakunde batzuek ere.
Kostaldeko ondarea zaintzeaz gain, ondare hori herritarrei zein Euskadi bisitatzen duten turistei zabaltzeko beharra ikusi da, kulturaren babesle horien arteko lankidetzarako eta elkarlanerako esparru baten bidez. Horri esker, Euskal Kostaldeak duen ondarea balorizatu ahal izango da, eta marka eta helmuga turistiko hori indartu.
Helburu horrekin, zenbait museoren arteko harreman puntualak sortzen hasi ziren, eta Euskal Kostaldeko Turismoaren Plan Zuzentzailea ezartzen hastean formalizatu ziren. Basquetourrek garatutako dokumentua da plan hori, eta bere funtsezko ardatzean, Kudeaketan, beharrezkotzat jotzen zen kostaldean jarduten zuten erakunde guztiak lan-foro komun baten inguruan eta Euskal Kostaldeko Turismo Mahaiaren babesean antolatzea.
Museo batzuen arteko harreman informal haietatik eta Plan Zuzentzailearen garapenetik sortu zen 2012an Euskal Kostaldeko Museoen Sarea.
ZER DA Euskal Kostaldeko Museoen Sarea?
Ikuspegi desberdinak baina argumentu nagusi eta amankomun bat –kostaldea– duten museo, interpretazio-zentro eta beste ondare gune batzuk biltzen dituen lankidetza-eszenatokia da.
Lan-esparru funtzional bat da, tokiko publikoari eta bisitariei zuzendutako hainbat proiektutan lankidetzan aritzea helburu duena, eta Euskal Kostaldeko ekintza turistikoan protagonismoa bilatzen duena. Horrek ez du eragozten beste mota batzuetako esparruetan lankidetzan aritzea, hala nola ondarearen babesean edo ikerketan.
ZERTARAKO JAIO ZEN?
Ekimen honen helburu nagusiak honako hauek dira:
– Euskal Kostaldea helmuga turistikoaren barruan irudi bateratua finkatzea eta zabaltzea.
– Kultura-ekipamenduen arteko komunikazioa erraztuko duen lan-harremana sortzea.
– Bere jarduerarekin Euskal Kostaldearen helmuga turistikoa indartzea, lehendik dauden plataformen sinergia guztiak aprobetxatuz, eta kultur turismoan oinarritutako eskaintza moldakorra eta kalitatezkoa eskainiz.
– Euskal kostaldeko ondarea sustatu eta balorizatzea, museo-produktu komunak, proiektu partekatuak eta komunikazioko eta turismo-sustapeneko ekintzak garatuz.
Helburu horiek betetzeko, sarea osatzen duten eragileen arteko lankidetza-esparruak, nagusiki, komunikazioarekin eta jarduera bateratuen antolakuntzarekin lotutakoak izango dira.
Honako ekintza hauek gara daitezke, besteak beste:
– Elkar ezagutzarako bisita teknikoak eta Informazioa, materialak eta dokumentazioa trukatzeak.
– Sustapenerako materialak argitaratzea.
– Sustapen- eta dibulgazio-jarduerak garatzea (ibilbideak sortzea, museoen eguna, online presentzia, etab.).
– Sarearen Lagunen Kluba sortzea eta sarrerak elkarrekin merkaturatzea.
– Lurraldeko beste eragile sozioekonomiko batzuekin koordinatzea eta lan egitea.
– Europako kultura-proiektuak garatzen eta kultura-ibilbideak osatzen laguntzea.
– Hainbat foro eta ekimenetan batera parte hartzea (Euskal Kostaldeko turismo-mahaia, hainbat deialdi instituzional, Europako foroak, etab.).
NORK OSATZEN DU?
Euskal Kostaldearen testuinguru geografikoan kokatutako museo, interpretazio-zentro eta titulartasun desberdineko beste baliabide turistiko batzuek osatzen dute. Harremanak artikulatzeko interes komuna dute, beren ondarea zabaltzeko eta interes turistikoko eskaintza bateratua partekatzeko.
Sarea osatzen duten agenteen kopuru handia kontuan hartuta – guztira 38 – lan-mahai sektorial bat eratu da, titulartasun desberdineko hainbat ordezkarik osatua, Euskal Kostalde guztikoak.