Irunen aurkitutako erromatarren garaiko aztarnak biltzen dituen museo arkeologikoa da, iturri erromatarrek aipatzen duten aitzinako Oiasso. Inguruko arkeologia-ondarea ezagutzera ematea eta Bizkaiko Golkoko erromatarren garaiko ezagutzaren eta dibulgazioaren erreferentzia-gune izatea du helburu.
Antzinako Oiasso erromatar hirian sartzeko atea da Museoa. Hemendik abiatzen da bisitariak Irugurutzeta meatzeak ezagutzera eramaten dituen Erromatar Trena. Xantalen nekropolia ere bisitatzeko aukera dago.
Egungo Irungo zorupean ezkutatua dago Oiasso erromatar hiria. Bidasoa ibaiaren bokalean, Hispania eta Akitaniaren arteko mugan, Oiasso baskoien portua izan zen antzinaroan. Erromatar Inperioaren garaian komunikazio eta merkataritza zentro garrantzitsu bilakatu zen Hispaniako iparraldean, Tarraconensis probintziaren barnean.
Museoa, gainera, kultura-jarduera gunea da, Oiassoko ondare arkeologikoa gizarteratzeko lanean, erromatar aztarnategietara bidaiak eta txangoak, ikastaroak, hitzaldiak, aldi baterako erakusketak, tailerrak, kontzertuak eta zinema arkeologikoko jaialdi bat (FICAB) antolatzen dituena. Birsortze historikoaren jaialdi bat ere sustatzen du (Dies Oiassonis).