Ezagutu euskal herriaren historia, kultura eta bizimoduak. San Telmo Museoa, Euskal Herriko zaharrenetako bat, Donostiako Alde Zaharrean dago, 1813an hiria suntsitu zuen suteak zutik utzi zituen eraikin bakanetako batean. Museoak tradizioa eta abangoardia batzen ditu bere erakusketetan eta egoitzan.
Alde batetik, XVI. mendeko komentu domingotar bat, bertan, Monumentu Nazional izendatutako klaustro ikusgarri bat eta eliza nabarmentzen direlarik – elizako hormetan daude Josep M. Sert-en mihise monumentalak (784 m2)-. Bestetik, abangoardiako arkitektura handitze bat, eraikinaren jatorrizko bolumenak berreskuratu eta fatxada berezi batez hornitu duena.
Erakusketa iraunkorrak euskal gizartearen kultura eta bizimoduetan zeharreko ibilbidea eskaintzen du, etnografia, historia edo arkeologiako pieza bereziekin, baita XX. mendeko euskal artea eta Arte Ederren bilduma historikoarekin: Rubens, Tintoretto, Zuloaga, Chillida, Oteiza…
Bisita erakargarria, ondare baliotsuarekin eta ikusentzunezko nahiz elkarreragile diren baliabideekin, euskal gizartearen bihotzean barneratzeko, bere sorreratik gaur arte.
San Telmo, gainera, kultur gune aktiboa da, eta urte osoan zehar kalitate handiko aldi baterako erakusketen eta artearen, historiaren, zinemaren, musikaren, literaturaren eta gizartearen inguruko jardueren programazioa eskaintzen du.